Ur satorra edo Desman pirinearra (Galemys pyrenaicus), lurreko satorraren ahaide urtarra dugu. Esan genezake, Kantauri isurialdeko ugaztun emblematikoena dugula: txikia, iletsua, sudur luze sentikorra eta bibote luzeekin. Urari zuzenean loturik dago, ia guztiz urtarra da, baina zoritxarrez ur oso garbi eta oxigenatuak ditu atsegin eta gaur egungo uren kalitatea… ejem!

Irudia: images.encarta.msn.com
Arrazoi honengatik, gainbera datorren espeziea da, ia ez da alerik topatzen eta gauzak horrela, animalitxo honek ere (beste askoren artean) bere azken atsa emango du. Izaki gautarra da, ikusmen eta entzumen urria duen arren, sudur oso garatua dauka eta usaimen zorrotza du, baina baita ere ukimena eta sudur inguruan dituen iletxoekin, uraren bibrazioak nabaritzeko gai da. Igerilari bikaina da, bost hatz ditu eta beraien artean, igelen antzeko mintzak igeriketa ahalbidetzeko (konbergentzia ebolutiboa…), habiak berriz, ibai ertzean egiten ditu, landarediaren artean.
Urtean kumaldi bat egiten du, 3-5 ume kumaldiko, arrak oso lurraldekoiak dira eta ibai ertzeko harrien gainean bere gorotzak uzten ditu lurraldea markatzeko.
Begiratu irudiari adi adi, agian inoiz ez baitugu gehiago ikusiko animalitxo hau gure ibaietan…


