Ez da batere albiste ona Euskaldun txuletafagoentzat… haragia jatea ez baita barazkiak jatea bezain ekologikoa. Bai, bai… EKOLOGIKOA eta ez osasungarria, ez naiz hitzez nahastu.

Eta ene irakurle fidela, momentu honetan zeure buruan galdera hau ibiliko da bazterrak nahasten: “zergatik da ba barazkiak jatea haragia jatea baino ekologikoago?” … eta blog hau bere irakurle fidelen galderak erantzuteko jaioa delako, erantzun egingo diogu!

Energiak du zerikusia. Eduki dezagun esaldi hau buruan: “gaur egungo gizartean, pertsonarik ekologikoena, baliabide energetiko gutxien behar dituena da” Eta hemen zer ikusi ote du janariak?

Guk jaten dugun behi txuletak, energi kopuru bat du bere barnean almazenatua, arrazoi honengatik jaten baitugu, bere energia gure energia izan dadin! Baina nondik lortu du energia hau behiak? Ba belarra janez. Eta belarrak nondik lortu du energia? Ba… eguzkitik, FOTOSINTESIA deritzon prozesu bat eginez (soilik landare eta bakteria batzuek egin dezaketeena).

Beraz… eguzki energia belarrak hartzen du, behiak belarra jaten du eta guk behia, eguzki energiak bidaia hau egiten du, eguzkian sortu eta gure sagardotegietaraino! Baina arazotxo bat dago.

Kate trofikoa

Eguzkitik belarrera ez doa energiaren %100-a, soilik (miseri bat dena) %10-a… hau da, % 90-a bidean galdu egiten da (bero moduan, erradiazioz…). Gauza bera gertatzen da belarretik behira doan energiarekin eta berriro, behitik guregana doan energiarekin.

Ikusten duzuenez, gure sabelera datorren azken eguzki energia oso oso oso urria, honek esan nahi du, behi bat hazitzea ASKO kostatzen dela, bidean energia asko galtzen baita. Are gehiago, gu beste izakiren baten elikagai baginake, hark ere oso energia gutxi lortuko luke eta zenbat eta elika katean gorago igo, orduan eta gutxiago. Konturatuko zineten, lehoietaz elikatzen den animalirik ez dela existitzen… ez da energetikoki errentzgarria!

Beraz… ekologikoagoa izan nahi baduzu, gastatu energia gutxiago eta egin zaitez bide batez begetariano, errentagarriagoa da eta inguruneak eskertuko dizu.